Emozioak lantzen
- Nahia Salinas Llaguno
- Nov 1, 2020
- 1 min read
Updated: Mar 16, 2022
Emozioak kudeatzen jakiteko lehenengo emozioak identifikatu eta ezagutu behar dira. Baina, hasteko, zeintzuk dira emozioek dituzten oinarrizko funtzioak?
Emozioek gure inguruan gertatzen dena nola bizitzen dugun azaltzen digute. Horri esker, hobeto ezagutzen gara, gure beharrak eta nahiak asetzen ditugu eta gure jokabide asko ulertzen ditugu.
Elkarreragin soziala errazten dute, eta gure inguruko pertsonek gure portaera aurreikusteko balio dute, baita guk eurena aurreikusteko ere.
Organismoa egoera jakin baten aurrean erreakzionatzeko prestatzen du, horretarako behar den energia emanez, eta egoera horretatik hurbiltzera edo urruntzera bultzatzen gaitu.
Emozioek motibatu egiten gaituzte, ekintzara bultzatzen baikaituzte. Helburu jakin baterantz zuzentzen gaituzte eta intentsitatea handitzen dute.
Zer beharrezkoak diren emozioak, ezta? Etengabe agertzen dira gure bizitzetan, esperientzia eta oroitzapen guztietan beti dago emozioren bat. Gure mundu emozionalaz jabetu gabe bizi gara, ez dugu sakontzen zer gertatzen zaigun edo nola sentitzen garen. Deskuidatu eta gutxietsi egiten ditugu, inork ez digulako irakatsi gure emozioak kudeatzen. Hauek ondo kudeatzea onuragarria da gure osasun mentalerako; orekatzen, hobeto ulertzen eta geure izaerarekin harreman handiagoa izaten laguntzen digu.
Gure emozioa identifikatzeko lehen urratsa une batez gelditzea da, ondoren, arnastea, sentitzea, eta identifikatzea, izen bat eman, nola agertu den, zerk sentiarazi gaituen eta zein unetan agertu den behatuz eta hausnartuz.
Txikienekin lantzen hasteko sortu ditut material hauek. Lehenengoa eskema bat da, non oinarrizko emozioak eta adierazpenak hartzen saiatu naiz, ezagutu ditzaten eta identifikatzen has daitezen. Eta bigarrena emozioak egoerekin edo pertsonekin lotzen hasteko jarduerak dira, galdera sinpleen eta marrazkien bidez.
Espero dut baliagarriak izango zaizkizuela. Eskerrik asko!

Comments