top of page

Gaur egungo eskola

Egunerokotasunean ikasgeletan ikusten dugun errealitatea aldatzeko asmoz, eskola ulertzeko modua eta eskolaren zergatia birbegiratu nahi ditugu. Zer da eskola? Zertarako erabiltzen dugu? Nork sortzen du eskola? Norentzat da eskola? Nolakoa da? Bai, galdera gehiegi dira, badakigu; baina, gure esku dago erantzunak bilatzea eta, gaur egungo hezkuntza sistemaren ardatza eta oinarria ulertzea, gure bidearen iparra aurkitzeko eta aurrera pausoak zehazteko.


Hasteko, eskola guztion artean definitzea ondo legoke. Hortaz, zer da eskola?

Heldu batzuentzat eskola umeak prestatzeko tokia edo sistemaren zerbitzua da, — prestatzeko zerentzat? lan munduarentzat? heldua izateko? bizitzarako? herritar izateko? ez dago oso argi — Beste batzuentzat, eskola, infernu hutsa da, kartzela. — hau, nahiz eta gure gustukoa ez izan errealitate bat da, eta kontuan hartu behar dugu eskola definitzeko orduan — Beste zenbaitentzat eskola toki zoragarri eta polit bat da, non zoriontsuak diren eta gainera egunero zerbait berria ikasten duten.


Guretzat eskola gizartetxo bat da. Gizarte anitza, interkulturala, feminista, ekitatiboa, askea eta publikoa. Jakina, gaurko eskolak bide luzea du benetan guk uste — eta nahi — dugun eskolan bihurtzeko. Hala esan zuen Jose Palosek 2018an: ‘’la escuela es una entidad que aprende y que necesita aprender de la propia experiencia para poder crecer y mejorar pedagógicamente.’’ Eskola, hezitzaileak bezala, etengabeko ikaskuntza prozesu batean murgilduta dago, amaigabea, betirako. Zergatik? gizartea horrelakoa delako, aldakorra. — Nolako gizartea, halako eskola! —


Gauzak horrela, eskola egunero aldatu behar da, bai, egunero. Egunero aukera berriak sortzen direlako gauzak hobeago egiteko, eta horreri ekin behar diogu. Erresistentziak alde batera utzita, hezkuntza komunitateko langilea — bokazioduna — baldin bazara, zure ikasleen ongizatea bilatuko duzu, eta hoberena eskaini nahiko diezu. Baina, zertarako zara hezitzailea? Irakasle bezala jarduteko aukera izan nuen lehen kurtsoan askotan egin nion nire buruari galdera hau, askok esaten dutenaren kontra, ez da lanbide erraza, bai oporrak ondo daude… baina, egunerokotasuna oso gogorra izan daiteke. Hortaz, gora-beherak eman daitezke baina ezinbestekoa da SINISTEA eta KONFIANTZA edukitzea «trust the process» argi eduki behar dugu gure helburua ez dela amaiera, bidea baizik, egunero gure eskola zoragarri eta miragarri horretatik hurbilago egongo baikara.


Gogoeta sakon eta luze baten ostean, guk erabaki dugu gure ikasleak bizitzarako prestatzea nahi ditugula. Zertarako? bizitza zoriontsu eta bete bat izateko. Behar espezifikoen arabera zaindutako haur bat, helduaren/hezitzailearen maitasunaz eta lan onaz lagunduta, haurra entzunda, errespetatuta eta pertsona gaitzat hartuta, bere gaitasunak garatzera iritsiko da, eta mundu honetan tresna ahaltsuekin moldatzea lortuko du, bere helburuak eta, horiekin batera, zoriontasuna lortzen laguntzeko.


Bizitza osoan zehar aurki dezaketen oztopo eta erronkei aurre egiteko prestatzea, herritar kritiko eta analitikoak sortzea, arduratsuak, haien emozioak kudeatzeko gaituak, gizartearekiko konpromisoa dutenak, indibidualismo eta norberekeria alde batera uzten dituzten herritarrak, kolektibo guztiak kontuan hartzen dituztenak, gizarte interdependente batean bizi garela kontziente direnak eta horren mesederako jokatzen dutenak, eta abar luze bat…


Orain galdetuko zarete… eta hori guztia nola demontre egiten da? — edo saiatu gaitezke egiten?— ikasleek lehenik eta behin, bere gaitasunez jabetu behar dira, bere potentziala garatzen hasteko behar duten konfiantza garatzeko. Bizitako esperientzietatik abiatuta, eta modu librean jokatuz, sortuz eta manipulatuz, emozioak eta sentimenduak kudeatzen ikasiz, izaki hori pertsona gisa garatu ahal izango da. Horretarako, ezinbestekoa aurkitzen dugu autoezagutza eta autoestimuaren lanketa positibo eta aktibo bat txertatzea ikasgeletan. Orain arte ongizateak, emozioak, balioak, osasun mentalak eta halakoak ez dute tokirik izan eskola barruan, — gutxienez eduki bezala,— eta horren beharra ikusten dugu. Ongizatea ez liteke azaleko gai bat izan behar, noiz behinka ikasgelan aipatzen dena, irakasgai bat baizik. Lehen aipatu bezala, hezkuntzaren helburu nagusia pertsona zoriontsuak heztea da, eta horretarako ongizatea lehenengo lerroan egon behar da.


Gauzak horrela, kontzeptuzko ezagutzetan oinarritutako hezkuntza bigarren mailara igarotzen da, gaitasunetan eta esperientzietan oinarritutako hezkuntzaren alde eginez. Modu aktiboan pasiboan baino gehiago ikasten delako. Balioetan oinarritutako hezkuntzarekin, mundu hobea lortzeko lan egingo duten herritar horien oinarriak ezartzen ditugu. Etika, balio moralak, enpatia eta besteekiko errespetua bideratutako ikaskuntzarekin egiten dugu. Jakitun izan behar dugu berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko egiten dugun lan garrantzitsuaz. Eredu izan behar gara.


Hezkuntza-esparruetan partaidetza-maila eztabaidatuak eta adostuak ezarri behar ditugu. Maila horien bidez, kolektibo bakoitzak, bere gaitasunen, interesen eta erantzukizunen arabera, ikaskuntza-komunitatea sortzen eta adostutako proiektuak garatzen lagundu ahal izango du. Ez dago dudarik eskola GUK, GIZARTEAK egiten dugu. Horrek esan nahi du, ikastetxe bateko lidergoa partekatua eta sozializatua izan behar dela ‘’denok gara lidergoak aldaketan’’ (Ozaeta, A. 2023), irakasleek zein ikasleek bere konpetentziarik onenak garatu eta proiektu komunari ekarpena egiteko erantzukizun bihurtu ditzaten. Eta noski, — erresistentziak aldera batera utzita— ikastetxearen antolaketak hori ahalbidetu behar du. Kolektibo guztiek ikastetxearen hezkuntza-proiektua ezagutu, onartu, ulertu eta bertan parte hartu behar dute.


Modu globalean hezten garenez, eta lehengo galderari erantzuten, nolakoa da eskola? eskola inklusiboa izan behar du; gizarte-errealitatearen aniztasuna jaso behar du, — lehen esan bezala, eskola gizartetxo bat da— eta dibertsitate kulturalak, genero aniztasunak, erritmo desberdinak, behar bereziak dituzten ikasleak eta ikasteko modu anitzei buruz hitz egin behar dugu.


Azkenik, norentzat egiten dugu eskola? eskola denontzat eta denona da. Gizarte honetako pertsona guzti-guztientzat. Horiek horrela, kontuan hartuta ikasle bakoitza bakarra eta desberdina dela… Nola ebaluatuko ditugu denak modu berdin batean? ezinezkoa — eta bidegabekoa — da. Horregatik, gure beste proposamen bat da ikasleen prozesuan oinarritutako ebaluazio bat egitea. Ikasle bakoitzaren abiapuntua kontuan hartuz, jarrera, inplikazioa, konpromisoa, saiakerak eta prozesua… garrantzitsuak direlako, bai, Amerika noiz kolonizatu zuten jakitea baino gehiago.


Gauza asko — gehiegi — ditugu esateko, baina, denbora amaitzen zaigu. Halaber, uste dugu nahikoa duzuela hausnartzeko gaur gauean. Zuek jaso duzuen hezkuntza zertarako zen? zergatik? zoriontsuak zarete? nolako irakasleak eduki dituzue? eta zer nolako irakasleak nahi dituzue zuen seme-alabentzat? Zer axola zaizue gehiago: zuen alabak pentsamendu kritiko garatu bat izatea eta justizia sozialarekiko borroka nahia edukitzea edo Nagoro mapa batean kokatzen jakitzea? Lehen aipatu bezala eskola GUK egiten dugu, nik, zuk, berak, guk, zuek eta haiek. Eman pausua eta INPLIKATU!



Nahia Salinas Llaguno


 
 
 

Komentarze


Publicar: Blog2_Post
bottom of page