Jaio ala egin egiten da?
- Nahia Salinas Llaguno
- Dec 12, 2020
- 2 min read
Updated: Mar 16, 2022
Gaur goizean, amarekin nire nebari buruz hitz egiten ari nintzela, galdera sakon bat bururatu zait… zergatik gara hain desberdinak nire neba eta ni genetika berdina badugu eta hezkuntza ia berdina jaso badugu? Beste era batera esanda: nortasuna, jaio ala egin egiten da? Askotan irakurri izan dut pertsona baten izaera sortu egiten dela bizitzako lehen urteetan. Hori da psikologiaren munduan beti eztabaidatu izan den gaietako bat. Sortuak garen unetik garena gara, ala hezitzen gaituzten moduak eta giroak ere eragina du?
Zenbait filosofo klasikok, esate baterako Platonek eta Descartesek, ziurtatzen zuten gure nortasunaren zenbait alderdi jadanik existitzen direla jaiotzen garenean, hau da, gure izaera genetikaren arabera garatuko dugula. Mende batzuk geroago, Lockek tabula rasa (arbel zuria) aipatzen zuen, honek zioenez, gizakiak ez du sortzetiko ideiarik edo printzipiorik. Bere ideia eta kontzeptu guztiak bizitzatik eta esperientziatik hartzen ditu.
Itxaron… baina, zer da nortasuna? Oscar Castillero Mimenza, Bartzelonako psikologoak dioenez: Nortasuna, bizi ditugun egoeren ondorioz sortutako portaera, pentsamendu eta emozio patroi gisa definitzen da. Patroi horrek errealitatea nola hautematen dugun azaltzen du, horri buruz egiten ditugun judizioak edo ingurunearekin nola elkarreragiten dugun, zati batean heredatua eta zati batean eskuratua eta ondoren bizi-esperientziaren bidez moldatua izanik. Gure bizitzan zehar bizi izan ditugun esperientzien multzotik sortzen da, hein handi batean, nortasuna helduarora arte ez dagoela erabat konfiguratuta uste da, eta garapen-prozesu luzea dago egonkortu arte.
Bat nator gaur egungo korronte psikologiko gehienekin, nortasuna sortu eta egin egiten dela baieztatzen dutenekin. Adibidez, ume batek amaren partetik adimena jaso du; baina, gehiago edo gutxiago adimentsua izango da, bere familiarengandik, eskolarengandik eta inguruarengandik jasotzen duen hezkuntzaren arabera, esate baterako, eskolan burua lantzen ez badu eta gaitasun hori garatzen jarraitzen ez badu, bere adimenaren zati bat galduko du; beraz, esan dezakegu inguruneak eta eguneroko esperientziek eraikitzen digutela izateko modua. Orain, hain kontziente garenez umeen garapenean dugun eraginaz
senide edo hezitzaile gisa, uste dut une egokia dela gogoratzeko zein garrantzitsua den egiten dituzten ahalegin guztiak balioestea, haien lorpenengatik edo, besterik gabe, aurrera egiteagatik zoriontzea, eta, era berean, funtsezkoa da haiek zuzentzea edo gure atsekabea jakinaraztea akatsak egiten dituztenean edo modu desegokian jarduten dutenean, betiere errespetuan oinarrituta eta pertsona hobeak izatera bideratuta.
Erreferentzia bibliografikoa:
Castillero Mimenza, O. (2020). Las 5 etapas del desarrollo de la personalidad. hemendik jasoa 2020ko Azaroaren 7an, Psicología y Mente website: https://psicologiaymente.com/desarrollo/etapas-desarrollo-personalidad
Reguera, L. (2019). ¿Cómo se relacionan la personalidad y las emociones?. hemendik jasoa 2020ko Azaroaren 7an, La Mente es Maravillosa website: https://lamenteesmaravillosa.com/se-relacionan-la-personalidad-las-emociones/

Comments